XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IRATZARTZEKO TENORIA

Ipar Euskal-Herria ari da flakatzen.

Lantegiak zerratzen zaizku eta berririk ez batere pizten.

Laborantxa aldiz, geroago eta nekezago joaiten da, gure primiak geroago eta nekezago ezkontzen eta Pariseko jaun zonbaiten arabera, orano sobera bagira! Lan eskazak eta irabazi apalek ere naiaka lasterkatzen dutie gaztiak beren aberritik.

Hola hola egonez, zer agituko da? Behar tugia utzi hartzak eta orkatzak gure bortu ibarretan Euskaldunen lekiaren hartzerat? Eta guk joan Aljerianoen ordai, Frantziako iparraldeko hiri handietarat? Ene ustez, ihurk ere ez du holako gaiza bat hun hartzen ahal, Bokaleko langiliak kabalen pare Dunkerque-rat igorri nahi zutienez kanpo.

Ez dea gure zuzena, gure aiten lurrian gizonki bizitzia?

Ata, Euskal-Herriak baluke bere seme guzien ontsa biziarazteko ahala, alde batetik laborantxa behar den bezala laguntuz, bestetik gure Bizkaiako burdiñari eta Lacq-eko gazari esker induztria gotor eta azkar bat muntatuz.

Amets bat dea hori? Ez segurki, Euskal-Herria bi partetan muzten dian muga edo frontera kentzen balin badugu.

Zuzen gabe, arrotzek anaien artian altxatu zien muga tzar hori.

Horren kentzea ez da amets ertzo bat, Europaren eta algarren arteko merkatiaren tenorian.

Europa egiten ari da, emeki bena segurki, gizon handi zonbaitek nahi ala ez!

Bestalde, hego Euskaldunak hasi dira beren katiñen hausten eta oro algarretaratzen.

Deja, Nafarrak bide handi bat egin gei du Baionan artino, hantik bere potaza aberatsaren kanpo erresumetarat igortzeko.

Gure iratzartzeko tenoria ez dea helturik? Hatik, ez du ekonomiak berak Euskal-Herria salbatuko, arimako gaizetan ere ez bagira iratzartzen.

Euskararen eta ohidura hunen saihestiak, usian gizona ahultu du, eraikitzeko orde.

Sociologues deitu jakintsun guziak gaiza hortan ber ideiako dira.

Bere izate bereziaren ukatziak, beti populu bat ttipitu du eta egin hartaz dégénéré ondar bat.

Hortan ere, ez dugia iratzarri behar? Ez ote dugia gure Euskara maitia eskoletan sarrazi behar? Abertzaletasunak egin bide hori manatzen deiku.

Abertzaletasuna bezalako indarrik ez da.

Gure libertatia eta Nafarrako euskaldun erresuma galdu zutien gure arbasoek, gure aiten aitek, beren artian gudukan hasiz.

Abertzaletasunak baizik ez du orhitarazten ahal Euskaldun guzier anaie direla, izan ditian xuri ala gorri, karlista eta errepublikatiar.

Orok bat egin dezagun! Aberri Egun hunen ondotik, denak bil gitian, eskuz-esku, Iruñatik Bilbaora eta Maulerik Gazteizera.

Ordian Euskaldunak biziko gira, azkar eta libre, Europaren barnian eta Gernikako haitxaren osto berrien pian!